XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) ibiltzeko ohitura hartu zuten, poliki-poliki, emakumeek bi-biak ikusteko astia izan zezaten.

Kapitainak bibotea zimurtzen zuen emakumeen aurrean, baina haiek jaramonik batere ez, ijito bat pasatu balitz bezalaxe.

Areago inor pasatu ez balitz bezalaxe.

Orduan zerura begiratzen zuen kapitainak, haserretuta bezala, eta ez zuen hitzik esaten baina ez da zaila asmatzen zer gogoeta zerabilen: gerratik dominez beteta etorriz gero, emakume haiek guztiak bere besoetan eroriko zirela etsaien moduan errendituta.

Baina gerratik maingu etorriz gero, non eroriko zitzaizkion emakume haiek guztiak?

Hori ere pentsatzen baitzuen noiz edo noiz.

Irribarre egiten zuen orduan, eta ezpata kirtena ukitzen bere hatz mamiez.

Iluntzean, neka-nekatuta zeudenean, koartelera itzultzen ziren, eta mutikoa bere zaldiarengana joaten zen agudo eta kapitaina tabernara, cognac frantsesa edatera, oso zalea izan-eta.

Imanolek dena kontatzen zion bere zalditxoari, lasto biguina ematen ziolarik gauean etzateko: paseatzera joan zirela, eta eta kapitaina ez zutela hiriko emakumeek maite.

Zaldiak irrintzi egiten zuen eta hankak astintzen zituen, pozik zegoen seinale.

Imanolek halakoetan oso lasai egiten zuen lo, bake-bakean.

Behin batean, ez dakigu noiz, igande arratsalde batez seguruenik, kapitaina etorri eta ezohiko ahotsez, ahots agintariz, hau esan zion Imanoli:

- Hemendik ordu erdi barru zaldi zuria nahi dut nire aurrean, paseatzera joateko prest.

- Ez dakiola ezer falta, bestela igerriko diozu.

Imanolek bazekien zer esan nahi zuen horrela mehatxatzen zuenean, (...)